XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zaitez joan.

Ez oraindik esan zidanean!

Buelta erdia eman eta gorputz maite biluztua besarkatu nuen.

Ai... besarkada berezia izan zen hura.

Axunek ez aldegiteko eran hartu ninduen irekitasun osoz.

Hitzez esan ez zidana, edo ausartu ez zena, bazirudien ekintza maitade eta uxter haren bitartez adierazi nahi zidala.

Ahoa ene belarri ondoan zeukan eta halako xamur errepikatu zuen Pedro! birritan, ezen ziurtasun osoa izan bainuen hautaketa jada egina zuela.

Bai, benetan maite ninduen!

Ziur naiz, urte hartan parada izan bagenu maitasuna xamurkiro, ekuru, egingo genukeela.

Baina Axunek ama adi zeukala, ez zela tuntuna eta laster azalduko zitzaiola xuxurlatu zidan belarrira.

Banekien bion arteko azken agurra zela hura, biharamun goizean familia osoa Bilbora zihoan-eta.

Pixka bat apartatu eta esan zidan:

- Begira nazazu.

Lauzpabost urrats eman zituen atzeraka eta modeloek egin ohi duten antzera jirabira alai eta guztiz dotorea eskaini zidan bere soin ederra mirets nezan.

Berriro sualdiak heldu ninduen, baina oraingoan zirrara beratz handi batez nahasirik.

- Zoaz amak harrapa ez gaitzan ahoskatu zidan, eta nigana hurbilduz bere mailubizko ezpain mamitsuez ferekatu zituen nireak.

Sakon hartu nuen arnasa.

Une hartako usain bereziaren antzekorik ustekabean etorri izan zaidanean, oraindik halako dartada egiten dit,(...)